IRUÑEA. Euskalkien inguruan jakin-mina duten irakurleak kontuan hartuta, Iñaki Camino euskaltzain ugarzaleak dialektologiaren alderdi teorikoak eta metodologikoak era sakon batean biltzen dituen liburua aurkeztu du: Dialektologiatik euskalkietara tradizioan gaindi . Elkar argitaletxearekin kaleratutako lan honekin, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak zientzia honen barneko mundura murgildu nahi du irakurlea, tradizioan mamitu diren ezagutzen inguruan eta Euskal Dialektologiaren historian barrena bidaiatuz.
Idazleak aipatzen duen legez, hamaika dira euskalkien in-guruan idatzitako liburuak, baina gutxi, ordea, zientzia bere osotasunean lantzen dutenak. Horregatik liburu honekin dialektologiaren aurkezpen zabala egiten da, zertan datza eta zein galderak egiten dituen azalduz.
Lan hau burutu ahal izateko, Iñaki Caminok Euskal Herritik kanpoko iturrietara jo behar izan du. Hori dela eta, liburu hau esku artean hartzen duen irakurleak mundu mailan egiten den dialektologiaren berri izanen du, izan ere, hamabi ikertzaileei egindako galderen erantzunez baliatu da idazlea, lana aurrera eraman ahal izateko. Hizkuntza erromanikoen artean, Italia, Frantzia, Okzitania, Espainia, Katalunia, Andaluzia, Asturias, Galizia eta Portugalgo dialektoen berri jaso du Caminok. Hizkuntza germanikoen artean, berriz, Ingalaterra, AEB, Alemania, Belgika eta Herbeheretako hizkuntzen dialektoen problematikaren inguruan aritzen da idazlea, munduko beste hainbat hizkuntzekin batera.
Hala ere, metodologiako orrialdeetan, Zuberoako, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako adibideak biltzen dira gehien bat, izan ere, euskalkien "berrigose" den irakurlea izan baita gogoan liburua egiterako unean.
'eskuliburua' EHU-ko irakasleak azaltzen duen legez, argia ikusi berri duen lana "eskuliburua" izan daiteke, ez baititu "ikuspegi markatuak biltzen". Baina, dena den, "bidea hau denik ez dut esan nahi", adierazten du Iñaki Caminok, berak tradizioaren ingurutik bildu duen zerbait baita.
Liburu honen atzean 17 urtetako lan esperientzia duen idazle baten jakintza eta esperientzia biltzen dira. Lerro hauetan zehar, unibertsitateko irakasleak dialektologian kontuan hartu beharreko hainbat prozedura metodologiko biltzen ditu, ezaugarri morfologikoekin, fonetikoekin eta beste ba-tzuekin batera. Alderdi teorikoari dagokionez, eremu dialektikalak nola sortzen diren aipatzen ditu, alderdi soziolinguistikoa nola landu behar den esplikatzen du eta atlas linguistikoaren filosofia zein den argitzen du, beste hamaika gairen azalpenarekin batera.
Bestalde, lan honetan ere, leku jakin bateko hizkuntza azter- tzerako unean erabiltzen diren inkesten inguruan mintzatzen da Iñaki Camino, bere ustez nola egin behar diren azalduz. Bestetik, dialektologiaren inguruan mugi-tzen diren korronteak jaso nahi izan ditu irakasleak.
Azkeneko bost atalak Euskal Dialektologiaren historiari eskaini dizkio idazleak; Leizarragaren lanetik hasi eta Koldo Zuazoren teorietaraino bidaiatzan du Iñaki Caminok.
Liburuaren azaleko marrazkia Juanma Bajo Ulloa eta Julio Medemem zinemagileen zuzendari artistikoa den Satur Idarreta artistarena da.